http://amarauna.org/nabar/audioa/eu/eu11.mp3
........................
"LONDRESEKO MISTERIOA"
3
BI EGUN DARAMATZA NIRE ATZETIK
-Street 221B Sherlock Holmes bizi zen helbidea da, ezta?
Kalean behera abiatu gara. Eguraldi zoragarria izango zela pentsatzen nuen, baina lainoa dago eta aire hotz eta hezea dabil.
Osaba William pipa atera , eta kea botatzen hasi da.
-Hori da. Zenbaitek benetako helbide bat dela dioten arren, ez dator bat kaleko egiazko zenbakiarekin, museo moduko bat eta denda bat ireki dituztelako bertan. Bai Sherlock Holmes, bai haren apartamentua asmatuak dira, jakina.
-Thomas Kirkby hurbil bizi da?
Osaba Williamek zalantza egin du une batez.
-Ez. Nirekin leku seguru batean elkartu nahi zuen, turista ugariren artean. Sherlock Holmesen museoa urteko egun guztietan zabalik dago, Eguberri egunean izan ezik.
-Baina zergatik?
Osaba Williamek niri begiratu, barruko poltsikotik tabakoa atera eta pipa betetzeari ekin dio. Hasperen egin du.
-Ziurrenik gogoratuko duzu Thomas KIrkby ez zegoela sasoi onean ezagutu genuenean. Bada, haren egoerak ez du urteekin hobera egin. Hainbat aldiz hitz egin dugu, eta poz-pozik jarri zen Londresera gentozela jakin zuenean. Thomasek anaia bat du, eta kontu nahasietan dabilelako susmoa dauka. Luxorren harrituta utzi zuenean, beraz, zu nirekin etortzea ondo irudituko zaiola espero dut. Hala ere, badakit nahiago lukeela nirekin bakarrik egon.
-Zer motatako arazotan sartuta dabil haren anaia?- galdetu diot-. Ezin didazu kontatu?
Osaba William presondegiko kapilaua denez, dekretu profesionala gorde du, ezin du presoek esaten dizkiotenak kontatu, ezta poliziari ere.
-Iritsi gara. Baliteke berak argitu ahal izatea.
Berehala ezagutu dugu. Eguzkitako betaurrekoak daramatza, eta Karnaken ezagutu nuenean zeraman dragoi itxurako makila bera, oso gaizki geratzen zaion jaka urdin argi bat janzteaz gain. Urduri eta gaixo dirudi, ikusi nuen azken aldian bezalaxe.
-Kaixo, kaixo!- Gu ikusteaz poztu da-.Etor zaitezte! Hemen geratu garenez, mutikoarentzako dibertigarria izan daiteke munduko detektiberik ospetsuenaren unibertsoari begiratu bat egitea.
Nik buruarekin baiezko keinua egin, eta irribarre bat eskaini diot.
-Hauetako bat nahi duzu?- galdetu dit Thomas Kirkbyk, Sherlock Holmesen kapela bat seinalatuz. Batzuetan, apur bat sinplea dirudi, nahiz eta ukitu dibertigarri bat ere baduen. Hortik halako zerbait jantzita ibiliko naizela uste al du? Sisselek barre egingo lidake.
-Ez, eskerrik asko- erantzun diot-.
-Halako kapela bat izan nahiko nuke- esan du osaba Williamek-. Begira! Kapa tipikoak ere saltzen dituzte!
Thomas Kirkbyk eguzkitako betaurrekoak kontu handiz altxatu ditu.
-Begira ezazue kalearen abestalderantz- xuxurlatu du bat-batean-. Telefonoz hizketan ari den emakume hura ikusten duzue?
Leihotik begiratu dugu. Emakume bat telefono bidez hitz egiten ari da. Eguzkitako betaurrekoak janzten ditu, eta txautxo bat darama.
-Txakurtxoa darama?-galdetu dut.
-Bai.
-Zer gertatzen da?-galdetu dut.
-Bi egun daramatza nire atzetik.
-Ziur zaude?- galdetu dio osaba Williamek.
-Ez dakit beldurra sentitu beharko nukeen. Ezinezkoa da nire moduko agure baten atzetik ibiltzea. Ez dut uste gustuko izango nauenik.
Horretan ados nago.
-Soilik emakume hori ikusi duzu? Ala beste norbait ere dabil zure atzetik?- galdetu dio osaba Williamek.
4
ESPIOIEN FILM BATEAN BEZALA
-Bera eta beste gizon bat- adierazi du arkeologoak-. Ivan Izugarria esaten diot. James Bonden film zahar bateko gaiztoa ematen du. Txandaka jarraitzen didate, baina ez dakit zer nahi duten. Nik bizimodu zeharo lasaia daramat; erretiroa hartutako unibertsitateko irakaslea naiz eta ! Telefonoz esan nizun bezala, susmoa daukat ez ote duen nire anaiarekin loturarik. Adian, hura bahitu nahi dute, auskalo. Poliziarekin hitz egin dudanean, sorbaldak jaso baino ez dute egin. Informazio zehatzagoa behar dutela esan didate, ez dela nahiko norbait atzetik dudala uste izatea. Baina hori da, hain zuzen, gertatzen dena.
Osaba William kapa luze bat arretaz aztertzen ari da oraindik; Sherlock Holmesek janzten zuena bezalakoa da. Hura erosiko ez zuela benetan espero nuen arren, azakenean hala egin du. Kapela bat ere erosi du. Kutxako neskak irribarre egin digu.
-Lehendabizi, emakumeaz libratu behar dugu. Utzidazu zure jaka urdina- esan dio osaba Williamek-. Eska dezagun taxi bat eta , hura sarreran gelditu bezain laster, zure jaka jantzita irtengo naiz. Autora azkar igo eta gidariari norabait azkar- azkar eramana nazan eskatuko diot. Ziurrenik, zure zelatan dagoen emakumeak beste taxi bat hartuko du berehala, niri jarraitzeko. Beranduago, beste nonbait elkartuko gara berriz.
-Espioien film bat dirudi- esan du Thomas Kirkbyk-. Engaina dezakegula uste duzu benetan?
-Zure jaka urdinean baino ez du arreta jarriko. Burua kaputxarekin estaliko dut.
-Bai, itsusia da- aitortu du Thomasek-, baina oso erabilgarria. Percy bere kasa bizi izan zen garaikoa da. Orain ordukoez libratzen ari da. Horregatik opari egin dit- azaldu du, jakatik pixka bat tira eginez-, berak “espazioko botak” esaten dien kolore bereko batzuekin batera. Galtzen bada, ez da galera handia izango.
-Eska ezazu taxi bat- esan dio osaba Williamek Thomas Kirkbyk jaka eman dionean, eta lokalaren hondora zuzendu da hura janztera. Gero, Sherlock Holmesen kapa eta kapela entregatu dizkio Kirkbyri; agurea erabat konforme dagoela ematen du-. Non elkartuko gara gero?- galdetu dio osaba Williamek.
-Big Ben erloju-dorrearen ondoan- adierazi diet-. Hura ikusteko irrikaz nago.
-Tira, Big Ben erloju-dorrearen ondo-ondoan, ez- zuzendu dit Thomas Kirkbyk-. Bertan ageriegi egongo ginateke, jende mordoa ibili ohi delako beti argazkiak atertzen. Hobe dugu Westminster abadiako sarrera nagusiaren aurrean elkartzea. Big Ben erloju-dorrearen ondoan dago.
Kirkbyri poz-pozik antzematen zaio, azkenik kanpamentuko neskekin maitakeriatan ibili daitekeen boy scout bat balitz bezala.
Egia esan, ni ere antzera sentitzen naiz.